Nafarroak EKLIPSE proiektua jarri du abian 2026ko eguzki-eklipse osoa baliatuz lurraldea ezagutarazteko
Jonan Hernández, 2026ko uztailaren 8a
Egun horretan, Nafarroako Erribera izango da eklipsea osotasunean eta denbora luzeagoz ikusi ahal izango den Europako eta Espainiako eremu bakanetako bat. Aurreikuspenen arabera, 500.000 eta milioi bat bisitari artean irits litezke Foru Komunitatera hainbat hamarkadatan berriro errepikatuko ez den ikuskizun naturala bertatik bertara ikustera.
Proiektua Nafarroako Gobernuak sustatu du, NICDO sozietate publikoarekin eta Iruñeko Planetarioarekin elkarlanean. Horren barruan, hamar behaketa-gune ofizial prestatu dira: Ribaforada, Corella, Castejón, Arguedas, Fitero, Lodosa, Peralta, Azagra eta Lerín udalerriak, eta Sendaviva natura-parkea. Gune horietan mugikortasuna, segurtasuna, osasun-arreta eta bisitariei zuzendutako informazioa indartuko dira, eklipsea baldintza egokietan ikusi ahal izateko.
Fenomenoa bera baino harago, EKLIPSE proiektuak hainbat hilabete iraungo duen dibulgazio-programa prestatu du. «Los 12 antes de Eklipse» hitzaldi-zikloan hainbat arlotako adituek eklipseen alderdi zientifikoak, historikoak, sozialak eta kulturalak jorratuko dituzte. Era berean, Escuela de Estrellas hezkuntza-programak baliabide eta jarduera bereziak eskainiko dizkie ikastetxeei, eta herritar guztiei zuzendutako bestelako ekimenak ere antolatuko dira. Abuztuaren 12an bertan, Sendavivak jardunaldi berezia hartuko du.
EKLIPSE Estatuko Trío de Eclipses España ekimenaren barruan dago, eta Nafarroa astroturismoaren erreferente gisa kokatzea du xede. Eguzki-eklipse osoa ikusteko aukera aparta izateaz gain, bisitariek Nafarroako Erriberako paisaiak, ondarea eta gastronomia ezagutzeko aukera ere izango dute.
Proiektuari eta programatutako jarduerei buruzko informazio guztia eklipsenavarra.com webgunean kontsulta daiteke.

