Errobiko Ibarra: itsasotik barnealdera doan taupada berdea

Argazkia: Donibane Garazi Turismoa
Argazkia: Donibane Garazi Turismoa
Lapurdiko kostaldea eta Nafarroa Beherea lotzen dituen Errobiko ibarra bidaiatzeko gonbita da: ibaia gidari, mendia lagun eta historia atze-oihal. Natura, kondairak eta zaporeak batzen diren Iparraldeko txoko berezia.

Errobiko ibarra trantsizio-lurraldea da. Kanbotik Bidarraira, Uztaritze eta Itsasu zeharkatuz, paisaia pixkanaka aldatzen da, itsasertzeko lautadetatik mendialde trinko eta malkartsuetara. Errobi ibaiak berak egiten du bidea, Baionan Aturrirekin bat eginez eta Donibane Garaziraino barnealdera sartuz, ia 80 kilometroko ibilbidean.

Ibilaldiak gustuko dituenarentzat, Mondarrain eta Artzamendi inguruko mendiek aukera ugari eskaintzen dituzte. Bestalde, Errobiko zirgabidea Uztaritzetik Baionaraino luzatzen da, 15 kilometroko bide laua eta atsegina eskainiz, oinez edo bizikletaz egiteko aproposa. Ur bizietako kirolak maite dituztenentzat ere erreferentziazko gunea da Errobi.

Harana kondairez josia dago. Itsasun, Atekagaitz izenez ezagutzen den lekuan, Errolanen inguruko mitoek hartu dute indarra, nahiz eta euskal izenak bestelako esanahi sakonagoa izan. Itsasuk, gainera, historia garaikidean ere badu lekua: 1963ko Aberri Eguna eta Itsasuko Agiria gogoratzen dira Atharri auzoko elizaren ondoan. Kanbon, urtero, Kanboko Txikito pilotari ospetsuaren omenezko ekitaldiak egiten dira.

Errobi ibarreko herriak Ezpeletako Biperraren Jatorri Deitura Babestuaren barruan daude, eta handik gertu Ainhoa eta Sara aurkitzen dira, Frantziako Herri Ederrenen artean sailkatuak. Muga ere ez dago urrun: Nafarroa Garaia 30 kilometro eskasera dago.

 

Gerezien herria

Itsasu, gainera, gerezien herria da. Gerezi beltza ezin hobeto doa ardi-gaznarekin, eta gerezi marmelada ezinbestekoa da euskal bixkotxean. Ekainean, Gereziaren Bestak ospatzen du tradizio hori.

Errobiko ibarra ez da helmuga soil bat: ibiltzeko, entzuteko eta dastatzeko lurraldea da, Iparraldearen bihotzean.


  Bozkatu:  
  Emaitza:  
  1 botoa