Denboraren materia: Richard Serraren altzairuzko espazioa Guggenheimen

'Denboraren materia-The matter of time' (Richar Serra) ©Deposit Photos
Guggenheim Bilbao Museoaren areto handienean sartzean, lehen begiratuan ez dirudi eskultura baten aurrean gaudenik. Altzairuzko horma kurbatuek espazioa hartu, bideak ireki eta itxi egiten dituzte, eta bisitaria obraren barruan sartzera behartzen dute. Richard Serraren Denboraren materia ez da urrutitik begiratzeko pieza bat: ibili egin behar da, inguratu, galdu eta berriro aurkitu. Horretan datza, neurri handi batean, 1994 eta 2005 artean sortutako obra honen indarra.

The Matter of Time izenburupean ere ezagutzen den instalazioa altzairu herdoilkorrez egindako zortzi eskulturak osatzen dute, neurri aldakorretan. Serrak material industriala erabiltzen du hemen ez masa astun eta itxi bat sortzeko, baizik eta espazioa moldatzeko. Altzairuzko xaflek elipseak, espiralak, toroen eta esferen sekzioak eta hainbat pasabide eratzen dituzte. Haien artean ibiltzean, formak etengabe aldatzen direla dirudi.

Hor dago obraren alderdirik interesgarrienetako bat: eskultura ez dago soilik altzairuan, ikuslearen mugimenduan ere badago. Pasabide batzuk zabalak dira eta beste batzuk estuak; batzuk luze eta irekiak, beste batzuk itxiagoak eta desorientagarriak. Ikuspegia aldatu ahala, aurretik ikusten zen kurba desagertu egin daiteke, eta beste bat agertu. Guggenheimen arabera, esperientzia horrek espazioa mugimenduan dagoela sentiaraz dezake, eta baita zorabio sentsazioa ere.

Serra San Franciscon jaio zen 1938an eta 2024an hil zen Long Islanden. Arte Ederretan hasi aurretik ingeles filologia ikasi zuen Berkeleyko Unibertsitatean eta altzairutegietan lan egin zuen ikasketak ordaintzeko. Yale Unibertsitatean jarraitu zuen prestakuntza artistikoa, eta Europan egindako egonaldiek ere eragin handia izan zuten bere ibilbidean. Brancusiren lana ezagutzeak bereziki bultzatu zuen eskulturarantz, eta ondoren material ez-konbentzionalekin hasi zen lanean, hala nola kautxuarekin eta beira-zuntzarekin.

Serrarentzat, eskultura ez da objektu independentea, espazioarekin eta ikuslearekin harremanean dagoen esperientzia baizik. 1960ko hamarkadatik aurrera, altzairua bihurtu zen haren hizkuntzaren material nagusietako bat. Pisua, oreka, tentsioa, grabitatea eta produkzio-prozesua ikerketaren parte izan ziren, baina baita obra zeharkatzen duen pertsonaren esperientzia ere. Horregatik, bere eskultura monumental askotan ikusleak ez du kanpotik begiratzen: inguratu eta barrura sartzen da.

Bilbon, Serraren eta museoaren arteko harremana Guggenheim ireki aurretik hasi zen. Sugea (Snake) obra 1994–1997 artean sortu zuen, museoaren inauguraziorako berariaz, eta 1997ko inaugurazio-erakusketan egon zen ikusgai. 2005ean, Serrak beste zazpi eskultura monumentu sortu zituen Guggenheimen Bilduma Propiorako, eta Sugearekin batera Denboraren materia instalazioa osatu zuten. Horrela, Frank Gehryk diseinatutako eraikina eta Serraren eskultura elkarren arteko elkarrizketan jarri ziren.

Aretoa bera, beraz, obraren parte da. Serrak ez zituen piezak edozein espaziotan kokatzeko pentsatu: Guggenheim Bilbao Museoaren areto handirako sortu zituen, eta instalazioak eraikinaren luzera eta proportzioak erabiltzen ditu esperientziaren osagai gisa. Bisitaria eskulturaren eta arkitekturaren arteko mugan mugitzen da uneoro. Horregatik, Denboraren materia ulertzeko, ez da nahikoa argazki bat ikustea. Obraren benetako neurria ibilian aurkitzen da.

 

Maman

Museoaren barruan beste hainbat obra monumentalekin batera, Denboraren materia Guggenheim Bilbao bisitatzeko esperientziaren parte bihurtu da. Museoaren bildumako beste eskultura garaikide batzuekin batera, arkitekturaren, artearen eta ikuslearen arteko harremana aztertzeko aukera ematen du. Ildo horretan, Guggenheimen sarreran dagoen Louise Bourgeoisen Maman eskulturari begiratzea ere interesgarria da: bi obrek eskultura monumentalaren presentzia oso modu desberdinetan planteatzen dute.

Azken batean, Denboraren materia ez da soilik altzairuzko zortzi eskultura erraldoiren multzoa. Espazioa erabiltzeko, denbora neurtzeko eta obra bat ulertzeko dugun modua aldatzen duen esperientzia da. Bisita amaitzean ere, pasabideen, kurben eta bat-batean irekitzen diren espazioen oroitzapenak geratzen dira. Serrak eskultura ez ezik, ibilbide bat eraiki zuen: gorputzarekin zeharkatzen den obra bat, denboran bakarrik osatzen dena.



  Bozkatu:  
  Emaitza:  
  0 botoak