Cider Week Astea: sagardoaren kultura eta gastronomia Gipuzkoako taberna eta jatetxeetan

2026ko Cider Week Astearen aurkezpena, Gipuzkoako ostalaritza-establezimenduetako ordezkariekin. © Sagardoaren Lurraldea.
Sagardoa txotx garaiaz harago ere gozatzeko edaria da. Haren askotariko aldaerak ezagutzeko, bertako eta nazioarteko ekoizpenak alderatzeko eta gastronomiarekin uztartzeko aukera eskaintzen du Cider Week Asteak. Sagardoaren kulturari eskainitako ekimen honek Gipuzkoako taberna eta jatetxeak hartzen ditu urtero, sagardoa dastatzeko beste modu batzuk ezagutarazteko.

2026ko edizioa azaroaren 16tik 22ra egingo da, hirugarrenez, eta aurten hamabost ostalaritza-establezimenduk hartuko dute parte. Donostia, Astigarraga, Hernani, Tolosa eta Hondarribian banatutako proposamenek zazpi eguneko egitaraua osatuko dute. Aurten, gainera, ekimenak hedapen geografikoan aurrerapausoa emango du, Bidasoa eskualdeko bi establezimendu lehen aldiz batu baitira ekimenera.

Aste osoan zehar, sagardoa dastatzeko eta plater desberdinekin uztartzeko hainbat aukera izango dira. Sagardoekin lotutako menu gastronomikoak, dastaketa gidatuak, pintxo bereziak eta aperitiboak izango dira eskaintzaren osagaietako batzuk. Michelin izarra duen jatetxe baten proposamena ere izango da tartean.

Bertako sagardoek protagonismo berezia izango dute, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako ekoizpenak barne, baina nazioarteko edariak ere ezagutzeko aukera egongo da. Bretainia, Italia, Alemania, Norvegia eta Suedia bezalako herrialdeetako sagardoak izango dira dastagai, sagardogintzaren kultura eta egiteko moduak ezagutzeko leiho zabalagoa eskainiz.

Cider Week Astea Sagardoaren Lurraldeak antolatzen du, Sagardo Forum nazioarteko kongresua egiten ez den urteetan sagardoaren kulturaren inguruko dibulgazio-lanari jarraipena emateko. Bi urtean behin Donostian eta Astigarragan egiten den Sagardo Forumek mundu osoko adituak eta ekoizleak biltzen ditu; Cider Week Asteak, berriz, sagardoa herritarrei gerturatzea du helburu, gastronomiaren eta ostalaritzaren bidez.

Ekimenaren balioetako bat sagardoaren aniztasuna erakustea da. Izan ere, edari hau ez da txotx garaiko ohiko erritualera mugatzen: aperitiboetan, pintxoekin, menu gastronomikoetan edo postreekin uztartuta ere gozatzeko aukera ematen du. Sagardo mota bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta horiek ezagutzea esperientzia gastronomikoaren parte bihurtzen da.

 

Sagardoa txotx denboralditik harago

2026ko programan, esaterako, Astigarragako Malum Rex sagarbar-ak bertako eta Suediako sagardoekin uztartutako bi menu eskainiko ditu; Donostiako Bertakoteka tabernak, berriz, bere legatz-pintxo ezaguna Euskal Sagardoa jatorri-deiturako hiru sagardorekin proposatuko du. Sagardoetxean, azaroaren 20an, bertako eta nazioarteko sagardoen dastaketa gidatua egingo da Haritz Rodríguez pommellierraren eskutik. Hondarribian, Higeralde Sagarlekuak Bidasoaren bi aldeetako sagardoak bilduko ditu bere plateren inguruan.

Sagardoaren Lurraldeak azpimarratu duenez, ekimenak indarra eta hedadura irabazten ditu edizioz edizio, eta sagardoa urte osoan zehar dastatzeko aukera ugari dagoela erakusten laguntzen du. Horrez gain, Gipuzkoako ostalaritzaren eta bertako sagardogintzaren arteko lotura indartzeko topagunea ere bada.

Cider Week Astea, beraz, sagardoaren mundura beste ikuspegi batetik hurbiltzeko gonbidapena da: ohiko txotx erritualetik harago, zapore berriak probatu, nazioarteko ekoizpenak ezagutu eta sagardoa gastronomiaren bidelagun gisa deskubritzeko aukera.


  Bozkatu:  
  Emaitza:  
  0 botoak