Kurutziagako gurutzea Durangon
Kurutziagako Gurutzea, gaur egun Durangoko Kurutzesantu Museoan dagoena, Bizkaiko monumentu gotiko garrantzitsu eta berezienetako bat da, eta pieza bakarra Europan. XV. mendearen amaieran edo XVI. mendearen hasieran eraiki zuten, eta ezaugarri hauek ditu bereizgarri: tamaina handiko gurutzea lau metro baino gehiagoko altuera, hareharri iluneko tailuaren kalitatea eta programa ikonografikoaren aberastasun sinbolikoa.
Gurutzea goranzko kontakizun erlijiosoa bezala ulertzen da, behetik gora irakurtzeko pentsatua. Fustean Jatorrizko Bekatuari lotutako eszenak irudikatzen dira: Paradisuko sugea, buru femeninoa duena, mastan kiribiltzen da; Adan eta Eva agertzen dira, Ongiaren eta Gaizkiaren zuhaitza, tentazioa eta Paradisutik kanporatzea. Lehen zati horrek bekatua eta zigorra sinbolizatzen ditu.
Bere gainean, kapitela dago. Bertan, hamabi apostoluak daude zizelkatuta, Elizaren eta mezu ebanjelikoaren irudikapena. Multzoa goiko gorputzean amaitzen da, artearen ikuspuntutik nabarmenena dena. Alde batean Paradisua ageri da, eta beste aldean, Kalbarioa. Gurutziltzapenaren gainean Eguzkia eta Ilargia agertzen dira, aingeruek eusten eta koroatzen dituztela; ikonografia ezohikoa da, astroak Kristoren sakrifizio erredentorearekin lotzen dituena eta salbazio mezuaren izaera unibertsala indartzen duena. Aingeru musikariek eta landare-motiboek osatzen dute oreka formal handiko konposizioa.
Kurutziagako Gurutzearen esanahi historikoak hainbat interpretazio sortu ditu. Ezagunenetako batek Durangoko Herejeen pasartearekin (1442-1445) lotzen du, Inkisizioak gogor zapaldutako disidentzia erlijiosoko mugimendua. Teoria honen arabera, gurutzea, penitentziaren eta ortodoxiaren berrespenaren sinbolo bezala eraikia izan zen. Beste ikerketa batzuek, Vera Cruz Kofradiarekin lotzen dute, zeinek, monumentua deboziozko helburuekin enkargatu zuen. Bi irakurketek obraren konplexutasun sinboliko eta soziala azpimarratzen dute.
Mugaldeko gurutzea
Bere funtzio erlijiosoaz gain, gurutzeak mugaldeko gurutze gisa jokatu zuen, Durangoko hiribilduaren jurisdikzioa mugatuz. Mendeetan zehar Kurutziaga kalean kokatuta egon zen, herriko gune historikoetariko batean.
2010az geroztik, Kurutziagako Gurutzea Kurutzesantu Museoan ikus daiteke – Durangoko Turismo Bulegoa, Vera Cruz ermita zaharrean kokatua. Gaur egun duen kokalekuari esker, lasai ikus daiteke aparteko monumentu gotiko hori, Durangoko Erdi Aroko historia ulertzeko gakoa eta Bizkaiko kultura-ondarearen erreferente handienetako bat.
