Eskola, Goizaldi eta Arkaitz. Ibilbide luzea eta oparoa duten hiru dantza talde hauek ekarpen handia egin diote gure kulturari, euskal dantzaren transmisioaren aldeko lan handia egin dutelako. Aurten, estreinakoz, Donostiako 3 taldeek oholtza bera partekatuko dute, Iturritik jaialdirako espreski antolatutako gala berezi honetan, Udal Txistulari Bandarekin batera.
Eskola Dantza TaldeaEskola Dantza Taldeak herri-folklorea beste era batera aurkezten du izaera eszeniko bat emanez, betiere, erroak galdu gabe. Hau guztia eta euskal gaietan oinarrituriko koreografiak izan dira taldea gehien nabarmendu duten alderdiak. Koreografia horiek euskal tradizioan, mitologian eta herrietako kontakizunetan oinarritzen dira, besteak beste.
Goizaldi Dantza TaldeaGoizaldi Euskal Dantzari Taldea Donostian sortu zen 1948an Kandido Pujana maisuaren gidaritzapean. Euskal Herriko dantza tradizional gehienak landu arren, taldea Gipuzkoako dantzetan oinarritzen da batik bat. Goizaldi Euskal Dantzarien Biltzarreko kide da eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren ordezkaritzari atxikita dago.
Arkaitz Dantza TaldeaAñorgako Dantzariek errepertorio zabala lantzen dute 1926tik. Gipuzkoako dantza-maisuen sisteman dantzatzen dituzten errituak dira bere bereizgarri nagusia. Era berean, Euskal Herriko tokiko dantzak ikasi eta plazaratzen dituzte. Hala, ondare koreografiko garrantzitsuari bizia ematen diote plazan dantzatzen diren bakoitzean.